NOLA ERAKARRI BEZERO BERRIAK INTERNET BIDEZ DENDA FISIKORA ERAMATEKO - Getxo Enpresa

NOLA ERAKARRI BEZERO BERRIAK INTERNET BIDEZ DENDA FISIKORA ERAMATEKO

Saltoki txikiak aurrez aurreko negozio-eredu izan ohi dira, eta horrela izaten jarraituko dute, hau da, diru-sarreren iturri nagusia establezimenduan bertan egindako erosketa presentzialak izango dira. Nahiz eta hori ez den aldatuko eta digitalizazioa aurre egiteko erronka zaila izan, egon daude errazak diren tresna digital batzuk esponentzialki hobetu dezaketenak  establezimendura hurbiltzen den jende kopurua. Lan zaila da online saltzeko azpiegitura bat martxan jartzea tradizioz fisikoa izan den denda baten kasuan, baina horrek ez du esan nahi horrelako saltokiek Interneten abantailetatik kanpo geratu behar dutenik. Ezagutza digital handirik izan gabe sarearen bidez bezero berriak erakar daitezke saltokira.

Gero eta ohikoagoa da bezeroak, denda fisikoetara joan aurretik, Interneten ikerketa bat egitea bere eskaera asetzeko dauden aukeren berri izateko. Ildo horretatik Interneteko presentzia (online salmentak egiten ez badira ere) funtsezkoa da ezagutzera emateko. Establezimenduan kartel bat jartzen denean bakarrik ikusiko dute bertatik pasatzen direnek, baina Interneten argitaratzen bada maila potentzialean askoz jende gehiagorengana iritsiko da. Bi tresna digital erabilgarri, erraz eta doakoak, hauek dira: Google My Business eta WhatsApp Business.

Google da Interneteko bilatzaile nagusia eta ezagunena. Plataformak Google My Business eskaintzen die enpresei, enpresa erabiltzaileek egindako bilaketetan agertzea eta informazio erabilgarria ematea ahalbidetzen duen tresna: irekiera-ordutegia, menuak, katalogoa, kokapena, etab. Denda gehienek dute tresna hau, baina garrantzitsua da etengabe eguneratuta egotea: katalogoan edo ordutegian gerta daitezkeen aldaketak azkar aplikatu behar dira, dendara ideia jakin batekin joaten diren eta asebetetasuna lor ez dezaketen bezeroengan frustraziorik ez sortzeko. Googlek profil osatuenei eta eguneratuenei ematen die lehentasuna. Hauek ospe handiagoa sortzen dute eta, gainera, kalitatezko zerbitzuarekin osatzen bada eta bezeroek Interneten baloratzen badute, denda  gero eta gehiago agertuko da Googleren bilaketetan.

Beste alde batetik, WhatsApp Business mugikorrerako aplikazio bat da, WhatsApp arruntaren antzekoa, baina enpresara bideratua. Tresna honi esker kontsumitzaileari arreta pertsonalizatua, erosketa-prozesuaren kudeaketa eta hurbiltasun-sentsazioa ematen zaizkio, kontsumitzaileak establezimendua bisita dezan.

Azkenik, Interneteko publizitateak Google Ads bidez ekar ditzakeen onurak nabarmendu behar dira; aplikazio honek iragarkiak segmentatzea ahalbidetzen du, hau da, enpresak saltzen duenaren barruan iragarkiak sarean lehentasunak edo gogo jakin batzuk erakutsi dituzten erabiltzaileei soilik agertzea. Tresna honek kanpainak astean 5 edo 10 euroan hasteko aukera ematen du, eta klik bakoitzak 10 eta 25 zentimo artean balio du. Hau da, 100 erabiltzaileri 100 inpaktu eragiten bazaizkie, inbertsioa 25 eurokoa da gehienez, eta haietako 10 dendan sartzea eta bik erostea lortzen bada, negozioa handitzen ari da.

Garrantzitsua da presaka ez ibiltzea sare sozial edo plataforma posible guztietan iragarriz; aitzitik, pixkanaka hasi behar da plataforma batean edo bitan aztertutako eta zaindutako kanpainak egiten, beste plataforma batzuetan hasi aurretik. Interneteko presentziari esker lortzen den hazkundea motela eta pixkanakakoa da; horregatik, garrantzitsua da pazienteak eta konstanteak izatea, uneren batean emaitzak ikusi ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da zure negozioaren kudeaketa digitalari egunean minutu batzuk eskaintzea.

×
×