EROSITAKO PRODUKTUAK ITZULTZEA - Getxo Enpresa

EROSITAKO PRODUKTUAK ITZULTZEA

Jende askok uste du merkatariek beti onartu behar  dutela itzulketa, bezeroari neurria ondo ez doakiolako edo, besterik gabe, iritziz aldatu duelako. Baina hori ez da beti horrela. Legearen arabera, produktua baldintza ezin hobeetan badago ez dago itzulketa edo aldaketa onartzeko arrazoirik (produktua ondo ez badago bermea sartzen da jokoan), honako kasu hauetan izan ezik:

  • Urrutitik erosi izana (Internet bidez, telefonoz…), kasu horietarako atzera egiteko legezko epea 14 egunekoa delako: produktua beste azalpen gehiagorik eman gabe aldatu edo itzuli ahal izango dute.
  • Dendak, bere borondatez, aldaketak eta itzulketak onartzeko epe bat ematea. Gero eta denda gehiagok egiten dute, eta, horregatik, kontsumitzaileen eskubidea dela uste da, baina ez da horrela. Legeak eskatzen duena hobetzen duen keinu edo praktika komertziala da, eta, beraz, zuk, merkatari zaren aldetik, zure baldintzak jar ditzakezu.

Saltzaileak askatasun osoa du aldaketak eta itzulketak egiteko ematen dituen epeak erabakitzeko: astebete, hamabost edo hogeita hamar egun, urtebete edo mugaegunik gabe. Halaber, ahalmena du erabakitzeko itzulketaren ordainketa erosleak erabilitako ordainketa-bide bera erabiliz egiten den, eskudirutan edo epe jakin baterako balioa duten dendako txartelen bidez. Saltzaileak, era berean, kanpoan  utzi ditzake artikulu jakin batzuk, hala nola, barruko arropak, higiene-produktuak, festarako jantziak eta erreproduzitu egin daitezkeen objektuak, besteak beste liburuak eta diskoak. Erosketa-data eta erositako produktua egiaztatzeko tiketa eskatzeaz gain, zuk produktua baldintza ezin hobeetan eta jatorrizko paketearekin egotea eska dezakezu.

Dena den, araudiak argi ezartzen du kontsumitzaileari argi eta garbi jakinarazi behar zaizkiola  zure dendan aldaketak edo itzulketak egiteko eskatzen diren baldintzak. Epeei eta baldintzei buruzko informazioa tiketean agertu beharko da, eta bertan produktuaren deskribapena, duen prezioa eta erosketa-data ere agertu beharko dira. Erosleak saltzaileak finkatzen eta ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen baditu, saltokiak aldaketa edo itzulketa ezarritako baldintzetan onartu beharko du.

 

 

 

 

×
×