ZENBATERAINOKO ERAGINA DUTE INTERNETEKO ERRESEINEK GURE EROSKETETAN?
Online erreseinak, gero eta faktore garrantzitsuagoa zer erosi erabakitzean
Hotel bat erreserbatu, jatetxe bat aukeratu, etxetresna elektriko bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik, gero eta jende gehiagok irakurtzen ditu beste kontsumitzaile batzuen iritziak. Interneteko erreseinek osagarri hutsa izateari utzi diote, eta ohiko informazio-iturri bihurtu dira. Ziurgabetasuna murrizten eta erabakiak konfiantza handiagoz hartzen laguntzen dute.
Fenomeno hori hobeto ezagutzeko, inkesta bat egin zen Interneten erreseinak edo balorazioak kontsultatzen dituzten EAEko kontsumitzaileen artean. Azterlanean, alderdi hauek aztertu dira: noiz kontsultatzen dituzten, zer garrantzi ematen dieten, zer alderdi jotzen dituzten garrantzitsutzat eta zer eragin duten erosteko erabakietan.
Erreseinak erosketa-prozesuaren parte dira
Azterlanaren emaitza nagusietako bat da erreseinak erosketa-prozesuaren ia fase guztietan kontsultatzen direla. Gehienbat produktu edo zerbitzu bati buruzko informazioa bilatzean kontsultatzen dira, erostea erabaki aurretik, baina baita hasieran interesa pizten zaigunean eta erosi ondoren ere.
Kategoria hauetan baliatzen dira erreseinak gehien: bidaiak eta hotelak, arropa eta oinetakoak eta produktu elektronikoak eta teknologia. Aldiz, gutxiago kontsultatzen dira aseguruen, finantza-zerbitzuen edo osasun-produktu batzuen kasuan.
Ez bakarrik Internet bidez erosteko
Merkataritza elektronikoaren baliabide esklusiboa direla pentsa dezakegun arren, errealitatea ez da halakoa. Kontsultatzen dituzten pertsona gehienek online nahiz establezimendu fisikoetan erosteko erabiltzen dituzte. Beraz, Interneteko iritziek eragina dute erabakietan, erosketa egiteko erabiltzen den kanala edozein dela ere.
Zeren bila dabiltza kontsumitzaileak?
Erreseina guztiek ez dute balio bera. Jendeak iritziak kontsultatzen dituenean, bi alderdik dute eragin handiena: zer puntuazio edo balorazio orokor duen produktuak edo zerbitzuak eta zenbat iritzi dauden eskura. Zenbat eta balorazio gehiago egon eta zenbat eta puntuazio hobea izan, orduan eta konfiantza handiagoa ematen dute.
Beste alderdi batzuk ere hartzen dira kontuan, hala nola argazkiak, argitalpen-data edo erreseina nork idatzi duen, baina garrantzi txikiagoa dute.
Erabakitzeko tresna erabilgarria
Azterlanaren arabera, oso pertzepzio positiboa dago erreseinen erabilgarritasunaren inguruan. Gehienek diote erabakiak hartzeko baliagarriak izan zaizkiela eta, erabilgarriak direla egiaztatu ondoren, berriro kontsultatzen dituztela etorkizunean zerbait erosten dutenean.
Konfiantza horregatik bihurtu dira erreseinak ohiko tresna produktuak alderatzeko, arriskuak murrizteko eta erosi aurretik beste kontsumitzaile batzuek zer esperientzia izan duten jakiteko.
Guk geuk zer esperientzia izan dugun ere partekatzen dugu
Kontsumitzaileen zeregina ez da iritziak irakurtzea bakarrik. Erreseinak kontsultatzen dituzten hamar pertsonatik ia zortzik diote inoiz igo dutela balorazio edo iruzkinen bat.
Gehienen arabera, zer esperientzia izan duten beste pertsona batzuekin partekatzeko idazten dituzte erreseinak, bai esperientzia positiboa izan denean, bai negatiboa izan denean. Oreka dago iruzkin onak argitaratzen dituztenen eta beharrezkotzat jotzen dutenean balorazio kritikoak egiten dituztenen artean.
Non kontsultatzen dira errseinak?
Iritziak batez ere saltzaileen eta fabrikatzaileen webguneetan bilatzen dira, baita foro espezializatuetan eta erabiltzaileek beren esperientziak partekatu ditzaketen plataformetan ere. Sare sozialek eta bideo-plataformek ere paper garrantzitsua dute, neurri txikiagoan bada ere.
Kontsumo gero eta informatuagoa
Azterlanaren ondorioek erakusten dutenez, online erreseinak eguneroko kontsumo-ohituren parte dira. Erosi aurretik, jendeak informazioa bilatzen du, esperientziak alderatzen ditu eta beste kontsumitzaileen iritziak erabiltzen ditu erabakitzen laguntzeko.
Aldi berean, erreseinek erronka berriak dakartzate. Gero eta garrantzitsuagoa da iritzi fidagarriak identifikatzen ikastea, benetako eta gezurrezko balorazioak bereiztea eta informazio hori modu kritiko eta arduratsuan erabiltzea.
Informazioa berehala eskuratu dezakegun ingurune digital batean, erreseinak nola erabili eta horietaz zenbateraino fidatu jakinda, hobetu ulertuko ditugu kontsumo-ohitura berriak eta beste erabiltzaile batzuek partekatzen duten esperientziak gure erosketa-erabakietan duen gero eta garrantzi handiagoa.

Whatsapp