BEZEROEN ITXAROPEN BERRIAK: HURBILEKO MERKATARITZARAKO GAKOAK - Getxo Enpresa

BEZEROEN ITXAROPEN BERRIAK: HURBILEKO MERKATARITZARAKO GAKOAK

Urteak daramatzatenek denda edo ostalaritzako negozio batean badakite badagoela aldatzen ez den zerbait: bezeroari arreta ona ematea. Hurbiltasuna, konfiantza eta tratu pertsonala dira hurbileko merkataritzaren indarguneak.

Aldatu dena erosteko modua izan da. Gaur egun, bezeroak informazioa bilatzen du, alderatu egiten du, iritziak irakurtzen ditu eta aurrez aurreko erosketa mundu digitalarekin konbinatzen du modu naturalean.

Informazio gehiago duen bezeroa

Gero eta ohikoagoa da bezeroak dendara sartzean argi izatea zer nahi duen eta zenbat balio duen. Testuinguru horretan, langilearen zeregina ez da produktua azaltzea, dituzten beharrei gehien egokitzen zaien produktua aukeratzea baizik. Ezagutza praktikoa izatea eta bezeroei laguntzen jakitea tokiko merkataritzaren balio nagusia dira.

Esperientzia sartu aurretik hasten da

Bezero askok bilatzen dituzte ordutegia, iritziak, argazkiak edo sare sozialak dendara joan aurretik. Batzuk atearen parean daudenean ere irakurtzen dituzte iritziak. Horregatik esan dezakegu esperientzia agurtu aurretik hasten dela.

Erostea baino askoz gehiago

Produktu edo zerbitzu ona izateaz gain, bezeroentzat oso garrantzitsua da profesionala eta zintzoa izatea, eta saltzen dugun produktu edo zerbitzu horretan espezializatuta egotea. Ostalaritzan, adibidez, oso garrantzitsua da erreserba egitea erraza izatea, informazioa eguneratuta egotea edo zerbitzua ondo antolatuta egotea. Besteengandik bereiz gaitzaketen xehetasunak dira.

Bezero bakoitzak bere itxaropenak ditu

Negozio berean zenbait belaunaldi topatzen dira, eta ohitura ezberdinak ditu bakoitzak. Batzuek konfiantza eta tratu pertsonala lehenesten dute, beste batzuek azkartasuna eta erosotasuna nahi dute, eta beste batzuk Interneten informazioa konparatu ondoren iristen dira. Ez dira arau finkoak, baina joera horiek ezagutzeak lagundu egiten du bezero bakoitzaren itxaropenak hobeto ulertzen.

Egokitu, baina ez galdu zure esentzia

Ondoen funtzionatzen duten saltokiak ez dira teknologia gehien erabiltzen dutenak, baizik eta bezeroen beharrizanek izan duten bilakaera ezagutzen duten bitartean hurbiltasuna eta lanbidearen ezagutza mantentzen dutenak.

Merkataritzaren esentzia ez da aldatu. Aldatu dena izan da bezeroak etortzeko modua, nola hartzen dituzten erabakiak eta zer espero duten gure negozioko atetik sartzean.

×
×