BOST AHOLKU ERRAZ ZURE NEGOZIOAREN WEBGUNEAREN DISEINUA HOBETZEKO
Batzuetan badirudi webgune bat modu profesionalean diseinatzea ataza zaila dela. Webgune eguneratu, moderno eta dotore bat izan nahi baduzu, hona hemen bost aholku:
- Diseinu txukuna eta antolatua
Telefono mugikorrean etengabeko jakinarazpenak jasotzea neketsua izan daiteke. Gainera, horri gehitzen badiogu webgunetan sartzean sarritan testuz, argazkiz, eta menuz beteriko orriekin egiten dugula topo, erabiltzaileon esperientzia ez da atsegina izaten. Argiak eta intuitiboak izaten saiatu behar gara. Erosotasun bisualak, batetik, estresa saihesten laguntzen du, eta, bestetik, harmoniatsuagoa da. Horri esker lortzen dugu erabiltzaileek webgunean sartzean esperientzia hobea izan dezaten.
- Hierarkia bisuala zure onerako erabiltzea
Hierarkia bisuala erabiltzailearen begiak gauza zehatz baterantz bideratzeko erabiltzen da. Era askotara lor daiteke diseinuaren hierarkia hori: tamainaren, formaren eta kolorearen bidez, baita subjektu nagusia inguratzen duten elementuen bidez ere, adibidez. Baliteke produktuak lehiarekiko dituen abantailak edo eskaintzaren bat baliatzea. Baina elementu hori identifikatu eta baliatu behar dugu. Hierarkia bisualaren arabera, begiak goitik behera eta ezkerretik eskumara mugitzen dira: testuak irakurtzeko gure moduarekin bat datorren Z formako patroian. Ezkerrean hasi eta eskumarantz, eta hurrengo lerrora. Aholku hori praktikan jartzean gogoratu web-orria edukiz betetzeak nahi dugunaren alderantzizko eragina sor dezakeela.
- Testuak errazak izan behar dira
Testuak erabiltzaileak irakurtzen jarraitzearen eta webgunetik ateratzearen arteko aldea izan daitezke, eta produktua erosiko dugun erabakitzen lagundu dezakete. Testuak informazioa ematen du. eta galderak sortu baino lehen ere erantzuten ditu. Arau erraz batzuk jarraituz web-diseinuaren xehetasun garrantzitsu horri buelta eman diezaiokegu. Garrantzitsua da testua erraz irakurtzea ahalbidetzen duen atzealde baten aurrean kokatzea. Gainera, beti erabili behar da letra-mota bera: berehala irakurterraza den bat, azkar irakurtzen dena.
- Mugikorreko bertsioa
Erabiltzaileek zure Goggle Mapseko profilarekin topo egiten dutenean eta sare sozialetan topatzen zaituztenean, espero dute zure webgunea aurkitzea. Gainera, bertara sartzea erabakitzen badute ez dute etxera iristeko itxarongo ordenagailutik konektatzeko. Hortaz, mugikorreko bertsioaren diseinua webgunearena bezainbeste zaindu behar da, edota are gehiago. Ez da komeni bien arteko aldea handia izatea, ohiko bezeroek beste gailu batetik sartzen direnean erraz moldatu daitezen.
- Ingurua ezagutzea
Beste webgune batzuei erreparatzeak ideia berriak eman ahal dizkigu. Internet oso mundu zabala da, informazio asko dago eskuragarri, eta garrantzitsua da baliabide hori aprobetxatzea aldatzeko eta etengabe hazten jarraitzeko. Lehiaren (eta beste edozein entitateren) webguneak ondo aztertzea lagungarria izan daiteke.