ZIBERIRUZURRAK: ZAINDU ZURE NEGOZIO TXIKIA OPORRETAN ZAUDEN BITARTEAN - Getxo Enpresa

ZIBERIRUZURRAK: ZAINDU ZURE NEGOZIO TXIKIA OPORRETAN ZAUDEN BITARTEAN

Uda deskantsatzeko garaia da, baina, aldi berean, ziberiruzur-saiakerak areagotzen dira. Langile gutxiago daude eta kontrol gutxiago egiten dira; horregatik, delitugileek edozein deskuidu aprobetxatzen dute.

Negozio txikietara jotzea oso ohikoa da, baina neurri egokiak hartuz gero, erraz saihestu daitezke mehatxu asko.

Ohiko iruzurrak

Mezu faltsuak: bankuak, garraioko enpresak edo hornitzaileak imitatzen dituzten mezuak dira, eta esteketara sartzea, fitxategiak deskargatzea edo datuak eguneratzea eskatzen dute. Ziurtatu nor den bidaltzailea, ez fidatu presa ematen duten mezuez eta ez eman inoiz pasahitzak edo bankuko datuak posta elektroniko bidez jasotako mezuetan.

Bankuko kontuko aldaketak: hori da iruzurrik ohikoena. Ustezko hornitzaile batek banku-kontu berri bateko ordainketak eskatzen ditu. Diru-transferentziarik egin aurretik, jarri harremanetan ezagutzen duzun kontaktu baten bitartez, inoiz ez mezuan agertzen denaren bitartez.

Identitate-ordezteak: Baliteke mezuren bat iristea posta elektroniko, SMS edo Whatsapp bidez esanez bezeroren bat, lankideren bat edo enpresako arduradunen bat dela. Horietan premiazko ordainketak egiteko edo informazio konfidentziala emateko eskatzen dute. Horrelako informazioa edo ordainketak eskatuz gero, egiaztatu ezazu beste moduren batera.

Oporretan joan aurretik, egin hau:

  • Eguneratu pasahitzak eta aktibatu bi faktoreko autentifikazioa.
  • Egin informazio garrantzitsuaren segurtasun-kopiak.
  • Eguneratu gailuak.
  • Ziurtatu arduradunak badakiela nola jokatu balizko iruzurren aurrean.
  • Ezarri ordainketak eta bankuko aldaketak baieztatzeko prozesu bat.

Iruzurra jasan baduzu, jokatu bizkor: jarri harremanetan bankuarekin, aldatu pasahitzak, jakinarazi informatikariei, gorde frogak eta aurkeztu salaketa dirua galdu baduzu edo baimenik gabeko sarbiderik izan baduzu.

Aurrea hartzea da horiek ekiditeko modurik onena, izan ere, iruzur gehienak presa ematean eta engainatzean oinarritzen dira. Eskaera bat egiaztatzeari pare bat minutu emanez gero, arazo asko saihestuko ditugu.

Uda honetan, deskantsatzeaz gain, zaindu ezazu zure negozioa.

×
×